Uda beroturik hasteko, elkarrizketatxo bat izan dugu Pog Mo Thon laukote Mungiarrarekin. Talde Honek, 3 disko kaleratu dituzte 5 urteren bitartean. Rock alternatiboa eta metalaren arteko musika bat egiten dute, doinu bizi eta alaiekin.
Nork idazten ditu zuen kanta berriak?Denon arteko elkar-lana da musikari dagokiona. Letrak ostera, erdiak idazleenak dira; gainontzekoak, Markel eta Beñatenak.Oraingo disko honetan, honako idazleek hartu dute esku: Gotzon Barandiaran, Arkaitz Estiballes, Julen Gabiria, Miren Ibarluzea eta Igor Estankona.
Kontzertu asko emateko esperantzarik?Otsailetik orainarte, ia astebururo izan dugu bateren bat. Topera ibili gara. Gehien gaztetxeak eta areto txikiak izaten dira negukoak. Orain hilabeteko geldialdia daukagu, eta bideoklipa egiteko aprobetxatzen ari gara. Udarako baditugu zenbait kontzertu lotuta zorionez. Jaietakoak izaten dira uda parte honetakoak, eta azken urteetan plazak dexente eskastu diren arren, pozik gaude deitu gaituztelako. Duela uda pare batekoa, kristorena izan zen, udako jaietan hogei kontzertutik gora jo genituen eta. Zaila izango da aurrerantzean horrelakorik gertatzea, badirudi eta udaletxeek jaietako aurrekontuak murriztu dituztela.
Kanta berri bat egiterakoan nondik hasten zarete?Normalean, gitarrako riff bat izaten da abiapuntua.
Zerk du inportantzia gehien abestietan?Riff-ez, konponketez, bakarkako interpretazio eta gainontzekoez gain, kanta bera nabarmentzea.
Zer sentitzen duzue kontzertu bat ematen zaudeten bitartean?Desberdina izaten da sentsazioa, lekuaren eta publikoaren arabera. Norberaren egoera animikoak ere itzelezko garrantzia izaten du, eta baita taldekideen arteko hartu-emonak. Sentipenik ederrena kontzertuak hustuta amaitzen dituzunekoa da, den-dena eman duzulakoan amaitzen diren gau horietakoak. Publikoa ondo pasatzen sumatzen baduzu erdia eginda egoten da.
Ze berritasun aurki dezakegu diska honetan?Beñat da gitarrista bakarra disko honetan, eta kantak konposatzerako orduan eragin zuzena izan du horrek. Nahiz eta diskoan gitarra pista bat baino gehiago egon (konponketa eta abarrei dagozkienak), lokalean kantak sortzerakoan, abestiak ona izan behar zuen arreglorik barik. Hau da, gitarra eta baxuarekin nahikoak izan behar zuen lineak funtziona zezan. Ala ez bazen, ideia baztertu egiten genuen. Bestalde, aurrekoarekin erkatuz, askoz zuzenagoa da diskoa; kanta aldiz, laburragoak.
Zaila ahal da musika eta lana uztartzea?Mailaren arabera. Geuk bira gogorrik eta halakorik ez dugunez, egin daitekeen zera da. Halere, geuk asko entsaiatzen dugu, astean hiru bider, eta argi dago horrek esfortzua dakarrela.
Zein da zuen ametsa musikari moduan?Diskoz disko hobetuz joatea. Zuzeneko emanaldietarako berdina.
Non gustatuko litzaizueke jotzea?Urrun, atzerrian.
Euskal Herritik kanpora jotzea zaila al da?Bai, kanpora doazenak dirua galtzen dute normalean. Jendeak kontrakoa uste izaten du. "Begira, talde hau Europatik zeharreko biran dabil!". Ederra da hori, baina ez dakiguna da kasurik gehienetan dirua galtzen dela. Talde garrantzitsu askori gertatzen zaie. Langileak izanda gainera, kanpora joateko erabakia hartzerakoan, ez da erraza taldekide guztiek egun libreak batera izatea.
Zerk markatu zaituzte zuen musika estiloan?Egia esan, taldekideok musika oso desberdina entzuten dugunez, laurok amankomunean dugun puntu bakarra litzateke geure estiloa, nolabait esateko. Geure lau gustuek bat egiten duten puntua, hain zuzen.
Gotzon
0 Comments:
Entrada más reciente Entrada antigua Inicio
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)